Aurten, haur sahararrei Durangoko Udaletik egingo zaien ongietorrian, udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak egongo dira, baita PSE ere.
PSOEk Marokoren estrategia babesteko eta saharar herria ahazteko hartutako erabakiaren aurrean, zein aurpegirekin begiratuko diote haur horiek harrerara joango den Alderdi Sozialistaren ordezkaritzari? Nola azalduko diete euren alderdiak ez duela NBEk eskatutako erreferenduma babesten? Nork esango die beren herriak sufritzen jarraituko duela eta beren etorkizuna are zalantzagarriagoa dela traizio berri honengatik?
Galdera deserosoak dira, eta agian orain ez dira ume sahararren burutxoetatik pasatzen; izan ere, bere adinagatik, familia durangar batzuek elkartasunez eskaintzen dietena gozatu eta aprobetxatu besterik ez dutelako egin behar. Baina, hala ere, euren etxera, Saharara itzultzen direnean, lehen pertsonan bizi eta sentituko dute.
Europan gerra bat bizi dugun honetan, geure buruari galdetzen diogu, nola gaitzetsi daitekeen Ukrainako inbasioa eta nola babestu Marokok Saharari egiten diona?
Errefuxiatu bezala zortea asko aldatzen da jatorriaren, azalaren kolorearen, ilearen edo begien arabera.
Egia esan, saharar herriak ez zuen askorik espero Espainiako gobernuarengandik, film hori dagoeneko ikusia zutelako.