Injerentziarik ez

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2022ko ots. 25a, 09:15

Lan erreformarekin Madrilgo parlamentuan gertatutakoa ez zen soilik ikuskizun negargarria izan. Ez gara bakarrik esperpentuarekin geratu behar. PPko diputatu baten botoa Gobernuak bultzaturiko erreformari argi berdea emateko erabakigarria izatea bazen barregarria, baina ez gertatutako gauzarik garrantzitsuena. Ezta gutxiagorik ere.

UPNko diputatuen azken orduko boto aldaketari erreparatu nahi nioke. PSN-PSOEk eta UPNk egindako akordio, itun edo kromo trukaketari, hain zuzen ere. Bi politikari navarristen aldeko botoa, Iruñeko udal gobernuaren aurrekontuei baiezkoa eman eta Enrique Maya alkatearen aurkako gaitzespen-mozioa ez babestearen truke. Hau da, Madrilen gertatzen dena Iruñean erabakitzea eta Iruñekoa, aldiz, Madrilen. Magia politikoa.

Berdin dio UPNren bozemaileen nahia zein den. Bost axola PSNko militantziak zer uste duen. Gaitzespen mozioa adierazpen arrazista batzuk egin izanagatik aurkeztu bazen ere. Arrazakeria borrokatu behar dela uste duzun arren, babesten duzun alderdiko buruek beste interes batzuk dituzte eta hori ere, enegarrenez, iruntsi behar.

Kasu honek inoiz baino argiago utzi dit zein garrantzitsua den gurean gertatzen dena  bertan, eta bertakoek, erabaki beharra. Ez dut inoren sukurtsalik babestu nahi. Hemen gertatzen direnak hemendik eta herritarrengan pentsatuz konpontzea nahiko nuke eta ez alderdi politikoen interesen arabera. Ez dut inongo esku-hartzerik nahi. Kontua da Durangon badagoela horrela funtzionatzen duen aukera bat. Eskerrak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!