Jolas gaitezen

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2021ko ira. 10a, 08:33

Uda honetan Otamotzena parke berria topaleku eta jolasgunea izan da durangar askorentzat. Nire balkoitik haurren barreak eta oihuak entzuten nituen, ur txorrotekin, tirolinarekin, naturan ondo integratutako txintxaun ezberdinetan jolasean. Jendea irakurtzen, berriketan eta belarraren sentsazioaz gozatzen ikusten nuen. Uda honetan, auzoa biziz bete da. Koloretako bizitza eta elkarbizitza uztartuz.

Hala ere, kolorezko eskailera hau ez dago erabat irudikatuta. Jolasgune zabalak daude, baina ez gara jabetu mugikortasun, ikuspen eta abarreko arazoak dituzten haurrentzat egokitutako txintxaunak jartzeaz; izan ere, jolasaren bidez, gaitasun desberdinak dituzten haurrek elkarrekin jarduteko eta jolasteko aukera ematen da. Eta horrek hezkuntzan, inklusioan eta integrazioan eta elkarbizitzan laguntzen du.

Erronka hori gainditu gabe utzi dugu, baina ez bakarrik Udal gobernutik, baita oposiziotik ere. Ez genuen kontuan hartu gutxiengo horren beharra benetako parke inklusiboa egiteko. Zorra  daukagu Durangorekin, 2022rako utziko duguna. Beraz, erakunde modura erronka bat dugu: egungo parkeak egokitzea eta eraikiko diren berriak ikuspegi inklusibotik diseinatzea, eta guztiontzako parkeak sortzea. Denok jolasteko parkeak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!