Eskoletako sukaldeak guztion onuragarri

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2021ko uzt. 9a, 08:21

Urte pare bat igaro dira Auzitegi Gorenak 7 catering enpresa zigortu zituenetik, Euskadiko eskoletako menuen prezioan %10eko gainkostua euren artean adostu zutelako. Ez zen inolako erantzukizun politikorik argitu.

Eusko Jaurlaritzak 2000. urtean proposatutako kudeaketa-eredu horrek eskola-sukalde asko kentzea ekarri du. Beste aldaketa batzuk ere ekarri ditu, bai elikaduran baita eskolen eta tokiko saltokien arteko merkataritza-harremanetan ere.

Aldaketa horren ondorioz zerbitzuaren eta produktuaren kalitateak okerrera egin omen zuen, EHIGE-k egindako inkesta baten arabera. Hau ikusita eta umeen osasunaz arduratuta, ikastetxeetan jantoki propioak jartzearen alde agertu diren hainbat plataforma sortu ziren - hor daukagu adibidez Berton Bertokoa Durangaldean.

Berton Bertokoako gurasoek 5 urte baino gehiago daramatzate bere proposamena lantzen, non eskoletan sukalde propioen onurak azaltzen diren. Ekaineko osoko bilkuran aho batez proposamena onartu zen eta orain Eusko Jaurlatzari helaraziko diogu.

Udalean ordezkaritza dugun alderdi guztiok bat etorri ginen azpimarratzen elikagaiak zuzenean eskolan prestatzeak ekarriko lituzkeen onurak osasunean, ingurumenean, lehen sektorearen sustapenean eta enpleguaren sorreran.

Orain, pandemia betean, erakundeok tokiko ekonomia bultzatzeko diskurtsoaren aldeko apustua egin dugun honetan, espero dezagun Eusko Jaurlaritzak proposamen hau ate atzean ez botatzea eta diskurtso hutsean ez geratzea. Espero dezagun Eusko Jaurlaritzak eskola-sukaldeak benetan sustatu eta zaharberritzearen aldeko apustua egitea, eta enpresa gutxi batzuen onuren aurrean interes orokorra defendatu dezan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!