Kiratsa

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2020ko ira. 30a, 08:30

Joan den astean aurreko legegintzaldian eskaturiko ikerketaren emaitzak ezagutu genituen. Askok uste bezala, aldiro izaten dugun kiratsa ez da eguraldi txarraren adierazlea soilik, hiltzen gaituen kutsaduraren seinalerik garbiena baizik.

2017an “txip” aldaketa gertatu zen Durangaldean. Ordura arte usain txarraren inguruan hitz egin hitz egiten genuen, baina, orokorrean, ez genion behar bezalako garrantzirik ematen. Euskal Herri osoan Liburu eta Disko Azokaz gain hatsagatik ezagunak baginen ere, ez zuen horrek gure eskualdean asaldura berezirik sortzen. Urte horretan, baina, gaiarekin bereziki kezkatuta zeuden hainbat herritarrek haserrea kaleetara atera zuten, hiru urte geroago egindako ikerketak erakutsi diguna ozen salatuz.

Eta orain, zer egin? Errudunak bilatzea baino, konponbidea aurkitzeko garaia dela uste dugu. COVID-aren pandemiak protokoloak garatzera eraman gaituen bezala, emaitzok ikusita, kutsaduraren aurkako protokoloak ezartzera behartuta gaude denok. Plataforma, herritar zein inplikaturiko erakundeak, denok batera, elkarlanean. Argi izan behar dugu, edozein kasutan ere, aurrean duguna osasun publiko arazo larria izanik, gakoa ez dela soilik industria-isurketak muga legeen barruan egotea, baizik eta gaixotuko ez gaituen aire kalitatea lortzea.

Nahi dugun etorkizuneko Durangalde hobe hori lortzeko ezinbestekoa dugu lanean jarri eta, behingoz,  eskualdea kutsaduraren uztarpetik askatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!