Enpatia, pazientzia eta borroka!

Erabiltzailearen aurpegia Neskutz Rodriguez 2020ko urt. 31a, 08:45

Joan zen astean aspaldiko lagun batekin geratu nintzen Durangoko taberna baten, eta galdera hau bota zidan: zelan gobernuan?

Ez da erantzun erraza. Baditu alde onak, baina, nire ustez, badauka alde oso negatiboa eta askotan frustrazioa sortarazten diguna: burokrazia.

Norberak bere bizitza pertsonalean sufritu izan ditu burokraziaren atzaparrak edozein erakunde publikora jo duenean. Eta Gobernuan egonda ere ezin dio munstro horri ihes egin.

Edozein neurri martxan jartzeko, hainbat lege eta araudi kontuan izan behar ditu, plenoaren onespena, eta gero audientzia publikoan jarri. Beraz, neurri bat abian jartzeko, batez beste hilabete igaro behar du. Hori, udaleko eskumenei buruz soilik berba eginez gero. Beste erakunde batzuek parte hartu behar badute… akabo! Hor sortzen dira benetako oztopoak: eurentzat ez direlako lehentasunak, euren interesei kontra egiten dielako, edota bidean galtzen direlako.

Baina, zorionez, badaude burokraziari aurre egiteko osagaiak: enpatia, pazientzia eta borroka.

Azken 40 urteotan, durangarrok erakutsi dugu badugula aldaketa egia bihurtzeko pazientzia, eskubideak defendatzeko borrokarako arima eta besteekiko enpatia.

Enpatia elkarrekin lan egiteko.  Enpatia besteen oinetan jartzeko eta lehentasun orokorrak norberaren interesen aurretik jartzeko.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu enpatia, pazientzia eta, batez ere, elkarlanean egiteko borrokarako gogoa helarazi diguzuen guztioi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!