Hostoak

Lagun handienetako bategaz auzolanean pasatako eguna, tertulia amaigabeak tartean, bromatan ateratako argazkia, konfesioa. 'Telebistan baino politagoa da naturalean'.

Bazkari elegantean, alboko gaztetxoen freskura. Bilbotik etorritako lagunagaz gertuko solasalditxoa. Esku bat botako dizula diotsun lankidearen mezua. Aste txarra pasa duen lagunaren besarkada. Landakoko atetik sartu eta 'Ai!, ze usain ona, azokarena!' dioen neska gaztearen ilusioa.  'Tiobueno!' oihu ziztatzaile eta lagunkoia. Ume jaio berriagaz alboko herritik oinez etorri den lankide ohiaren izerdia. Txapelketan kantatzetik eskilara bat zaintzera pasa den mitikoaren konpromisoa. Oholtza gainean, ardura duen lagunari bultzada. Kartzelara bidean oholtzatik behera datorrenaren laztan eskertua. Amaieran agertu den irribarre eztia. Hotz hilgarritik ihes, aterpean, benetako Handi baten konplizitatea. Beste lagun handienetako baten analisi sakona, eguna amaitzear, 'espuela' hartu bitartean. Eta beste 'espuela' bat. Ohean, egun luzeko emozioak barneratzen ari diren une lasaia. 

Udazkenean, arboletatik jausten diren hosto gorri, marroi, hori, moreek kolorez betetzen dute lurra. Bertsolari txapelketa nagusiko saioaren egunean bizitako emozioak ere kazetari behatzailearen gorputzean behera erraietara datoz, airean balantzaka, astiro, hostoak balira bezala. Euskararen lur honetakoak garela abesten duten hostoak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!