Plateruen arreba dantzaria

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2018ko urr. 26a, 08:45

Maria Francisca Escolastica, 1749ko otsailaren 11n Durangon bateatua.

J.L.Lizundiaren aipamen batek interesa piztuta, Lino Akesolo dimoztarrak idatzitako "Atxostetik atxostera" testuan, besteak beste, Durangoko zidargin edo plateruei buruzko informazioa aurkitu dut.

Honako hau aipatzen du Akesolok: "Mendi-bideotan ibilliak dira Durangoko zidargiñak be. Barriro asi da oraintsu gure artean zidargiñ onein izena zabaltzen. Baña Dima-ko semea izan zan, Indusi-auzokoa, Durangar ospetsu orrein ezaupidea lenengo emon ebana: J. A. Zamakola, Astarloaren adiskide andia, «Historia de las Naciones Bascas» liburuaren egillea. Ona Indusiko seme onek esana:

 

«Zidargin bi ezagutu ditut nik eta oindiño bizi dira, anaiak biak, Juan Kruz eta Antonio izenez; lenengoa, bertsolari ta soñulari trebea: bigarrena, yantzareko oso yayoa. Bizkaian, eta Bizkaitik arago be, amaika lekutan izanak dira, auzo ta errietako jaietara deituta. Lenengoak sekulako gatza eukan bertsogiñen eta zortzikoak joten; bigarrenak, bere umoreko arreba bat lagun ebala (ezkondu bakoa berau), ikusgarrizko yantzaldiak egiten zituen». Orixe diño 1818-an Frantzian ateratako liburu orretan".

Egia esan, Juan Cruz eta Antonio koplagile zein dantzari trebeak zirelakoa entzunda edo irakurrita geneukan, arrebaren aipamena ostera, lehen aldiz suertatu zait ikustea, nahiz eta, Zamakolak orain dela 200 urte bildu datu hau eta Parisen argitaratu.

Baina, nor ote zen plateruen arreba? Ba ote zuen izenik? Hoba ez! Mila Salterain idazlearen laguntzaz aurkitu dut arrebaren izena: Maria Francisca Escolastica, Andres Fuente eta M.ª Francisca Bolanjeroren alaba. 1749ko otsailaren 11n Durangon bateatua. Ondoren, Fuente-Bolanjero senar-emazteek 5 seme izan zituzten. Lorenzo Thomas, Dionisio Juaquin, Santiago Maria, Francisco Antonio eta Juan Cruz.

Esaera zahar batek dionez, "Izena duen guztia omen da", halanda ze, agur eta ohore Maria Francisca Escolastica, Durangoko zidargin edo plateruen arreba, orain arte niretzat ezezaguna izan zaren dantzari umoretsu horri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!