Iurretako Bibliotekatik "Josebaren lekuak" ibilaldi literario hau antolatzeko gonbidapenak poza eta ardura sortu euskun. Zelan? Zer? Nortzuk?
Arrate Mardaras eta biok pentsetan hasi eta Sarriren zenbait sasoitako lagunen bizipen, anekdota eta testu irakurketa bat iruditu jakun erarik gertukoena eta biziena gure idazle handiarengana eta bere obrara hurreratzeko. Ez dakit asmatu dogun baina guk gustura ekin dautsagu. Bai horixe!
Kristiña Mardarasek Sarriren txikitutakoak kontatu deuskuz. Imanol Larrinagak eta Felix Arkarazok eskola sasoikoak. Juanan Aromak, Josean Azkorbebeitiak, Lutxi Alberdik eta nik neuk Alfabetatze garaikoak. Andoni Barreñak Ibaizabal aldizkarian argitaratutako Sarriren “Hamar minutu globoan” ipuina irakurri dau. Jose Julian Bakedanok Pott Bandaren historiaren laburpen mamitsua. Arrate Mardarasek unibertsitate garaikoak eta Sarriren lehenengo liburuaren argitalpenari buruzkoak azaldu deuskuz. Jose Ramon Bilbaok aipatutako argitalpenak izan zituen eragozpenak kontatu dauz. Goio Egurenek Sarri irakaskidea aurkeztu deusku. Karlos Gorrindo eta Arrate Mardarek kartzela garaia kontatu deuskue.
Iurretako Eneritz Areitiok, Irati Areitiok, Mikel Jaiok eta Iker Garititagoitiak alaitasun puntua jarri deutsie ibilaldiari euren trikitixa eta pandero doinuekaz.
Amaitzeko “Atzerriko koplak” kantatu doguz Iurretako koruaren laguntzarekin eta AGUR SARRI, LASTER ARTE esanez amaitu dogu ibilbide literarioa.
Etxera bidean andra batek hauxe esan deust: “Gusture ibili naz konteu dozuenak entzuten eta beittu, animeu egingo naz, bai, Josebaren libururen bat leidu biot, ze, oiñ arte ez dot bat bera be leidu”. Opari handiagorik jaso leike? Pentseu dot neure kautan.
Eskerrik asko bidelagun izan zaituegun danoi. Eta akordatu Bakedanok esandakoa “Sarriri egin geinkion omenaldirik onena, bere obra irakurtzea da”.