Otxandioko Errementarijek

Erabiltzailearen aurpegia Marisa Barrena 2017ko uzt. 17a, 18:37

Otxandioko Errementarijek 1236-1936 Taldearen ekimenez Otxandioko antzinako burdinolan egiten ziren eta erabiltzen ziren tresnak ezagutzeko aukera dugu. Izan ere plazatxo baten jarri dituzte, eskultura lez, hainbat lanabes eta tresna. Uztailaren 15ean izan zen inagurazio ekitaldia.

Otxandioko Errementarijek 1236-1936 Taldeko partaideak pozik daude egindako lanarekin. Egoteko modukoa egia esan. Ekimen interesgarria iragan hurbila ezagutzeko. Ordu askotako lana zalantza barik. Halere, ez direla bakarrik aritu diote antolatzaileek.

Esker ona agertzen diote bai Otxandioko Udalari, bai Vicinay enpresari, proiektua gauzatzeagatik. Remigion Gonzalez langarika familiari berriz, lanabesak jarri dituzten lurzaila uzteagatik, eta proiektua ahalbideratu duten kolaboratzaile guztiei.

Otxandiarrek diotenez, burdingintzak garrantzi handia izan zuen euren herrian eta mendez mende, gizon, emakume eta umeen belaunaldiek bizirik gorde izan dute burdingintza.

1155. urtean, Antso Jakitunak Durangaldeko nekazari zentsu-hartzaileentzat egin zuen foruan, Otxandio aipatzen zen merinaldiaren azken gotorleku gisa.

1309ko uztailaren 29an, Bizkaiko Jaunak, Diego Lopez Harokoak berretsi egin zituen Otxandio hiribilduaren foruak. Garai haietan Otxandiotik igarotzen ziren Gaztelarako hainbat produktu; armak, ferrak, iltzeak, aizkorak, laiak, gontzak, gurpiletarako hagunak eta burdinazko hainbat erreminta.

1450ean, ustekabeko sute batek, Otxandio eta bertako biztanleria suntsitu egin zituen.

1493an ostera, Amerikaren aurkikuntza izenekoak bultzada handia ekarri zion burdingintzari. Otxandio Gaztelaren burdinazko manufakturen hornitzaile bihurtu zen.

1793an, 110 etxebizitza zeuden Otxandion, horietako 66k sutegiak zituzten; balaustreak, iltzeak eta ferrak egiten zituzten. Egunean 3.000 burdina-kilo baino gehiago erabilita.

1849an, Otxandiok burdinola bat, 80 sutegi eta sarraila-denda bi zituen.

XIX. mendea ostera, Otxandioko burdingintzaren gainbeheraren lekuko izan zen. Lehen Karlistadaren ondoren, olagizon askok Ameriketara eta Filipinetara emigratu zuten. Enpresa bakar batek  -Juan Ignazio Vicinayk 1929an sortuak- jakin zuen industria berri bihurtzen. Gaur arte Otxandiori ekarpen handia egin dion alorra.

Gerra Zibilaren ondoren, Otxandioko olagizonen azken aztarna itzali egin zen: Samartoi kaleko Bernabe Elgearen sutegia. Harekin batera amatatu zen sutegien garra.

Garra amatatu bazen ere, aztarna utzi zuten errementariek herrian. Zorionez Otxandioko Errementaijek 1236-1936 Taldeko partaide eta laguntzaileei esker, beti ere, Iñaki Viteri eta Jose Miguel Gonzalez de Audikanaren ekinari eta adoreari esker, aurrerantzean ikusgai ditugu errementarien zenbait lanabes eta tresna; hauspo erraldoia, kateak, laiak, iltzeak.

 

 

             

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!