Urte bi geroago, 2018ko urtarrilean zabaldu dugu Haur Hezkuntzako espazio berria, behar pedagogiko berriei erantzunez.
Arkitektura pedagogiaren zerbitzura
Kurutziaga ikastolako eraikinik zaharrena zen Haur Hezkuntzakoa. 1974an eraiki zen J. A. Arechabaleta eta J.M Uriarte arkitektoen gidaritzapean. Eraikinaren diseinua, tankera industrialekoa, aurrerakoia zen garairako, eta eraberritzerakoan errespetatu egin da orduko egitura. Espazio zabalak, argiak eta multifuntzionalak sortzea izan da eraberritze lanok gidatu dituzten arkitektoen helburua (J.A Landia eta ELE Arkitektoak).
Testuinguru atsegina eta segurua
Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeak, hiru eta bost urte bitartekoak, batzen dira Haur Hezkuntzako eraikin eraberrituan. Kurutziagan argi daukagu testuinguru familiarra eskaini behar diegula, umeak eroso eta seguru sentituko diren espazio bat, familiaren eskuetatik hezitzaileenganako trantsizio atsegin eta lasai baterako guneak sortuz. Umearen segurtasun afektiboa ardatz duen denbora eta espazio antolaketa bermatzea da helburua, bere beharretara moldatua eta afektuzko giroa eskaintzen duena.
Umearen autonomia ardatz
Umearen autonomia da garapenaren motorra. Horretarako, umearen mugimendu askea ahalbidetzen duen espazio zabal eta gardenak sortzea bilatu dugu eraberritze lanokin. Adin ezberdinetako haurrek topo egiteko elkargune bat, eta, aldi berean, hala behar denean, gidaridun ateen bitartez modulatzen den espazio multifuntzionala.
Jolasa ikasbide
Jolasaren bitartez ikasten du umeak, eta haren bitartez harremantzen da ingurukoekin. Haur Hezkuntzako eraikinaren eraberritzearekin umeak bizipen eta esperientzia esanguratsuak izango dituen gunea sortu dugu, gure begirada umearenaren neurrian jarrita mundua bestela ikusten delako.