Durangoko jaietan dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Kriskitin 2017ko urr. 15a, 11:25

Durangoko jaietan Udaletxeko plazan egin dogu dantzan. 19. aldia izan da aurtengoa eta lehenengo urtean bezain gogotsu jardun dugu.

Erronka bikoitza izan genuen Kriskitin taldekook 1999. urtean. Batetik 100 urtez ahaztuta egondako Platillu Soñua dantza berreskuratzea, bestetik, bide batez, Durangaldeko gure dantzak, herriko jaietan, plazan dantzatzea.

Ez zen erraza izan orduko hartan, jai batzordeak traba bat baino gehiago jarri zizkigun programan gure saioa kokatzeko. Plazan ikusleentzat jarri genituen aulkiak ere, taldeko poltsatik ordaindu genituen. Jaietako aurrekontuan ez baitzegoen gastu hori aurreikusita. Trabak traba, sasi guztien gainetan plazara irten eta gustura dantzatu genuen egun argi eta eguzkitsu hartan. Urriaren 9a izan zen. Zapatua. Txupinazo eguna.

Hurrengo urtean, txupinazo egunetik artopilen banaketa egunera pasatzea proposatu zigun jai batzordeak eta harrezkero egun horretan izan gara urtero Udaletxe plazan. Tamalez, egun horretan gure zenbait dantzari lanean izaten dira kanpo herrietan eta ezin izaten dute parte hartu astegun buruzuria denean, baina tira.

Plaza txikia da gurea, toki mugatua izaten dugu baina ingurukoen hurbiltasunak emoten duen energiak eguzkiaren izpi beroak eta lurreko hezetasuna gaintzeko indarra sortzen du.

Mugak muga, ahalik eta ondoen dantzatzen saiatu gara. Atsegina izan da txalo zaparrada entzutea, ikusleen aurpegi alaia ikustea eta esker oneko berbak entzutea.

Gure aldetik ESKERRIK ASKO eta datorren urtera arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!