SMH elkarteko boluntarioen bizipenak ezagutzeko aukera izango dugu gaur, 19:00etan

Erabiltzailearen aurpegia Kainabera 2016ko eka. 1a, 09:12

'Gerratik ihesi' hitzaldi zikloaren hirugarren berbaldia izango dugu gaur, Iturrin. Salvamento Maritimo Humanitario elkarteko kideak etorriko dira, euren lanaren berri ematera. Errefuxiatu askok, mafiek eskatutako dirutza ordainduta, Europarako bidean, tarte bat itsasoz egiten dute. SMH elkartean Euskal Herriko hainbat mediku, sorosle, suhiltzaile, erizain... batu dira, eta momentu honetan Egeo itsasoan dabiltza lanean, Greziako Chios irlan.

Turkia eta Chios artean 3,5 milia daude (5,6 km gutxi gorabehera) eta ferryan 20 minututan egiten da bidaia, 14 euroren truke. Errefuxiatuek 4-5 ordu egiten dituzte tarte hori egiteko, baldintza latzetan, pilatuta, eta mafiek 1.000 euro ere eskatu izan dizkie itsasoz Greziara joateko.

Gaur egun, Turkiarekin egondako tratuaren ondorioz, kontrol gehiago dago, eta duela hile batzuk baino txalupa gutxiago heltzen dira. Dena den, gauez batez ere, jendea heltzen da, eta SMHko kideak erreskate lanetan ibiltzen dira. Gaur Elorrion, errefuxiatuekin izandako bizipenen berri emango dute, eta EBk Turkiarekin egin duen itunak errefuxiatuei zelan eragiten dien ere kontatuko digute.

Gaur, Iturri kultur etxean, 19:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!