Abenduaren 19an Elkartasun Jaialdia egingo dugu, Bogotáko jantoki komunitarioen alde

Erabiltzailearen aurpegia Kainabera 2015ko abe. 14a, 17:03

Arriolan izango da jaialdia, zapatu honetan, 17:00etatik aurrera. Kainaberaren urteko azken ekitaldia izaten da Elkartasun Jaialdia, eta Elorrioko ikastetxe, musikari eta dantza taldeek parte hartzen dute bertan. Aurten borondatezko sarrerarekin batzen dugun dirua Bogotán babesten dugun jantoki komunitarioen proiektura bideratuko dugu.

Talde hauek parte hartuko dute jaialdian:

-          Besaide dantza taldea

-          Bixente Beitia

-          Elorrioko txistulariak

-          Funky taldeak

-          Lourdesko Ama ikastetxea – DBHko ikasleak

-          Plazako dantzak ikastaroko kideak

-          +Que Cuerdas musika taldea

Jantoki komunitarioak Bogotáko Ciudad Bolivar auzunean daude, El Recuerdo auzoan. Leku menditsua da, eta bertako biztanle gehienak (%95) Kolonbiako hainbat bazterretatik gatazka armatuaren eraginez desplazatutako pertsonak dira. Elikadura eta nutrizio arazoei aurre egiteko, jantoki komunitarioak sortu zituzten 2006an. Jantokietan 250 pertsona ingururi eskaintzen diete zerbitzua, eta oinarrizko elikadura bermatzeaz gain, inguruko familiei formazio saioak ere ematen zaizkie. Kainaberaren sorreratik gure bidelagun den Manolo Martinez abadea dabil proiektu honetan buru-belarri, komunitateko emakumeekin elkarlanean.

Animatu, eta hurreratu Arriolara!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!