Manolo Martinez gure Kolonbiako lagunaren bisita jaso dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Kainabera 2014ko eka. 20a, 13:40

Gaur goizean hegazkina hartu eta Bogotárantza bueltatu da Manolo Martinez. Gurekin izan da aste honetan. Aspaldiko kontuak gogoratzeko eta orain momentuan han bizi duten egoerari eta auzoetako proiektuari buruz berba egiteko aprobetxatu dugu. Berekin izandako hartuemanari esker sortu zen duela hamazortzi urte jada Kainabera!

 

Bogotára duela berrogei urte heldu zen Manolo Martinez, Elorrion irakasle izandako marianista. Orain momentuan Ciudad Bolivarren bizi da, Bogotá hiritik mendialdera zabaltzen den zonaldean. Bertara gerratik eta pobreziatik desplazatutako jende asko etorri da bizitzera, eta gero eta auzo gehiago dabiltza sortzen, jendeak etortzen jarraitzen duelako. Auzo edo sektore asko daude han: El Paraiso, Brisas del volador, Alpes, El Recuerdo...

Manolo inguru horretako parrokiko arduraduna da: "Komunitatean, guneka zerbitzuguneak sortzen saiatzen gara". Auzoetako jendearen arazo handienetarikoa lanik ez daukatela da; hiriria joan behar dira bizirauteko zeozerren bila. Horregatik, adibidez, lana egin behar duten amei laguntzeko haurtzaindegia izatea garrantzitsua da.

 Auzoetako bizi baldintzak hobetzeko geldialdi zibikoak egin izan dituzte; besteak beste, ura ipintzeko, edo argia eta asfaltatze lanak egiteko ere.

Ciudad Bolivarrera heltzen den jendea oso leku desberdinetatik dator: "Sei-zazpi umegaz etortzen dira, neskak 14-15 urtegaz umeak izaten hasten dira; ume asko dago".  Entitate ofizialak ez dira heltzen, edo berandu heltzen dira. Eskola bat dago, baina jendeak egina, eta gero ipini zituen irakasleak administrazioak.

 

Momentu honetako egitasmoak

"Jendearen bizitza kalitatea da garrantzitsua", eta horretan dabil hainbat jende, sektoreka lanean. Indarkeria giro handia dago gune horretan, eta Manolok azaldu digunez humanizazioaren kontzeptua landu guran dabiltza: "Gazteen arloan hori gaitza da, pandilen kontua oso zabalduta dagoelako".

Momentu honetan, haurtzaindegia eta jantokiaren proiektua da garrantzitsuenetako bat. "Bogotáko Gizarte Ongizate saila ez da jendea artatzeaz asko arduratu, baina lege arloko kontuekin etorri zitzaizkigun". Esan zieten lehenagoko jantokiak ez zituela hiriko arauak betetzen, higiene eta lege arlotik. Orain dena legalki txukuntzeko obrak egiten dabiltza: "Irailerako amaituko dugula uste dut. Hiru pisuko etxe bat izango da, eta bertan,  haurtzaindegiaz eta jantokiaz gainera espazioa egongo da tailerrentzako, ludotekarako... Ume, gazte eta nagusientzako jarduerak egiteko. Etxe sozial bat izango da".

Ezgaitasuna duten pertsonekin eta nagusiekin lan egiten ere badabiltza: Gaztelaniaz, DIScapacitados barik DIFcapacitados berba erabiltzen dutela azaldu du Manolok: "Ez da gaitasunik ez dutela; gaitasun desberdinak dituztela baino". Auzotarren artean egoera txarrena dutenak eurek direla azaldu du. Badira urte batzuk arazo fisiko eta psikologikoak dituztenei arreta ematen dabiltzala. Pertsona nagusiekin egiten den lana ere garrantzitsua da Manolorentzat: "Ahaztu egiten gara euretaz. Esaten da, 'bo, iada nagusiak dira!', bai, baina bizirik daude, eta bidearen amaieran laguntasuna ere behar dute".

 

Kainaberaren sorrerako hazia

Elorrion eskolak emateari utzi zionean, ikasle ohiekin hartuemana edukitzen jarraitu zuen Manolok, eta Bogotáko egitasmo batzuren berri ematerakoan, orduan hasi zen mugimendua Elorrion, proiektuen bitartekari izan eta Kainabera sortzeko. "Ni probokatzera etorri nintzen, baina erantzun hori emateko gaitasuna arinagotik zeukan jendeak, eta ordutik elorriarren elkartasuna bideratzeko kanala izan da". Hamazortzi urte hauetan elorriarrek izan duten presentzia nabarmendu du: "Bertako errealitateaz jabetzeko garrantzitsua da hangoa bizitzea. Etorri izan dira eta batzuk bi-hiru urte ere geratu ziren. Presentzia hori ez da kontrolarena izan, errealitatea bizitzekoa baino. Bisitatzaile baino bertakotu egin izan dira bisitak, eta esperientzia hori bizitzeak bestearen errealitatea ulertzen laguntzen dizu, txosten eta informeak baino. Gainera hori hango jendeak asko eskertzen du. Inork ez du hara joan gura, eta hile betereako edo birako datozela jakitea, eurentzat emozionagarria da".

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!