Agur bat

Erabiltzailearen aurpegia June Arbeo Sarriugarte 2023ko uzt. 14a, 08:55

Ez dakit nola hasi hau idazten. Hasiera orok du bukaera bat eta honi ere iritsi zaio berea. Hauxe da nire azken zutabea. Akordatzen naiz duela hainbat urte Anboton idazteko eskaini zidaten egunaz. Niretzako beti izan da ohore bat nire eskualdeko irakurleei idaztea. Txikitatik erreferente izan dut komunikabide hau, eta honen parte izatea berezia izan da.

Denetik idazten saiatu naiz beti, nire kirola apur bat erakusten, nire bidea partekatzen. Eta batez ere, nire bizitza den kirol honen inguruan ditudan duda, zalantza, egonezin, iritzi edo injustiziak transmititzen. Batzuetan izan dira interesgarriagoak, batzuetan idatzi dut nahi gabe eta karaktereak moztu behar izan ditut, beste batzuetan, ordea, pentsatu behar izan dut asteazken gauean nola bete karaktereak hitzak kontrako eztarritik joaten zitzaizkidalako.

Gaur, hemen, agur diodan honetan akordatzen naiz kirolari bezala zenbatetan despeditu behar izan naizen, eta beti korapilo bezalako bat sortzen zait eztarrian. Esan diet agur pare bat klubei, agur txikitatik zaindu nauen entrenatzaileari, eta agur egunero nire herriko pistan entrenatzeari. Baina, orain konturatzen naiz hauek nire barruan bizitzen jarraitzen dutela betirako. Horregatik hau ez da agur bat, beste bide bat jarraitzeko modu bat baizik.

Eskerrik asko Anbotoko langile guztiei. Eskerrik asko kaletik “Anboton ikusi zaitut, jarraitu horrela” esan didazuen guztiei, kirol honetan bakarrik ez sentitzeko modu bat zarete. Eskerrik asko zuri, irakurle, eta noizbait nire zutaberen bat irakurtzen denbora pasatu duzuen guztiei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!