Ezeren aurretik esan behar dut ikasle bakoitza mundu bat dela eta talde bakoitzean danetik dagoela. Adin guztietan badago ariketa fisikoa egitea gustatzen ez zaionik, eta arlo hau okerrena iruditzen zaionik, eta, aldiz, konpetizioko kirola egiten duenik eta kirolari sutsua den ikaslerik. Baina, orokorrean ikusi dudan joera hauxe izan da: zenbat eta nagusiagoak orduan eta interes gutxiago dutela. Gazteagoak diren klaseetan, jolasak, ariketak eta dinamikak hobeto ateratzen dira, gogo gehiagorekin jolasten direlako, eta nagusiagoak diren heinean, gehiago animatu eta motibatu behar izaten dira ikasleak. Beste alde batetik, eskolaz kanpoko ordutegian kirola edo jarduera fisikoa egiten duten galdetzean, adinean gora doazela ikasle kopurua gutxitzen joaten dela iruditu zait. Zer esanik ez jolasorduetan, jolasten aritzen direnak gazteagoak izaten dira.
Egia da nagusitzen goazen heinean, interesak aldatu egiten direla eta denbora librean jolasean ibiltzeak ez gaituela jada motibatzen, baina, heziketa fisikorako interesa bat-batean horrela gutxitzea harritzekoa iruditzen zait. Gero eta gehiago entzuten da gizartean dagoen arazoetariko bat “sedentarismoa” dela, eta hori horren esplizituki ikusi izanak benetako arazo bat dela pentsatzera eraman nau. Badago zer hausnartu honen inguruan.