Miresmena diozun atleta bat, zure erreferente bat izan daitekeen atleta bat tranpetan aritu dela ohartzean dezepzioa sortzen du. Eta batez ere, kirol munduan gabiltzanok badakigu lorpen bakoitzaren atzean dagoen esfortzu, denbora, eta sufrimendu guztia. Uste dut argi dagoela ez dela justua errendimendua hobetzen duten substantzia debekatuak hartzea, baina, batez ere errespetu falta bat iruditzen zait. Batetik, egunero maila gorenean egoteko esfortzua egiten dutenekiko, beraien denbora eta askotan dirua horretan inbertitzen duten kirolari guztiekiko. Bestetik, ikusle, kirolzale eta jarraitzaileekiko, kirolariak miresmenez ikusten dituzten guztiekiko. Eta, azkenik "kirolarekiko", eta kirol mundutik transmititu beharko lirateken baloreekiko.
Honekin guztiarekin lotuta, pentsatzen jarri naiz ea honen aurrean ezartzen diren zigorrak (hainbat hilabetez lehiatzeko aukerarik ez izatea) nahikoak diren, edo eragin nahikoa duten. Agian, dopatzearen ondorioak gogorragoak izango balira, ez litzateke horrenbeste kirolari hau egitera ausartuko.