Atletismoa kirol indibiduala izan arren, beti esan ohi dut ondoan ditugunak ezinbestekoak direla gure bidean aurrera egin ahal izateko, eta horien artean, besteak beste, kluba eta hura sortzen duten pertsonak ere badaude. Hainbat urtean Durangaldea Running taldean egon nintzen eta bertan hasi nituen nire kirol arloko pauso garrantzitsuenak. Bertan, etxeko klub bat izanik tratua beti ezin hobea izan da. Baina, kirolari bezala maila bat izaten hasi nintzenean, nire herriko taldea uzteko penaz, Zaragozako Scorpio klubera pasatu nintzen, Espainiako “ohorezko mailako” kluben arteko ligan parte hartu ahal izateko. Azken honetan ere etxean bezala sentitzeko ahalegina egin dute beti, eta atletak ondo egon gaitezen zaindu dute beti. Denboraldi berri honetarako, nire maila igotzen jarraitzeko eta kirolari bezala progresio bat izaten jarraitu ahal izateko, Bartzelonako klubak emandako aukera aprobetxatu nahi dut. Nire egunerokotasunean aldaketarik egongo ez den arren, eta nire entrenatzaile eta taldearekin entrenatzen jarraituko dudan arren, klub honetarako lehiatuko naiz. Ilusioz hasten dut etapa berri hau, hobetzen jarraitzeko erronka eta aukera berri bat bezala ikusten dut; beraz, horretarako animatzen eta motibatzen nau aldaketa honek. Nire onena emateko prest, asteburu honetan Jaenen parte hartuko dudan 10 kilometroko lasterketan estreinatuko ditut kolore berriak.