Akordatzen naiz txikitan askotan galdetzen zidatela: zer duzu gustukoago, krosa ala pista? Uste dut hasieran krosa esaten nuela, gazteagotan asko gustatzen zitzaidan krosa, baina denborarekin pistan gehiago zentratzen hasi nintzen eta gehiago gustatzen hasi zitzaidan. Bi modalitate hauek oso desberdinak direla esango nuke. Egia da bietan arineketan egitea dela kontua, baina, egia esan, giroa oso desberdina izaten da. Publikoa hurbilago sentitzen da krosean, jende askoz gehiago egoten da zirkuituan zehar animatzen, eta korrikalariok igartzen dugu hori. Bestalde, lortu beharreko errendimendua eta daukagun presioa ere ez da berdina. Pistan, segundo gutxiren kontua izaten da dena, eta askotan horrek frustrazioa sortu lezake. Krosean ez dago erlojurik, presioa askoz txikiagoa da eta ez duzu marka jakin bat lortzeko lehiatu behar. Atletontzat, edo behintzat gehienontzat, krosa ez da denboraldiko helburu nagusiena izaten, udaberrian eta udan pistako lasterketak izaten baitira garrantzitsuenak, baina ondo etortzen da gure prestakuntzarako. Gainera, polita da horrelako giroan lehiatzea. Jendez, giroz eta musikaz betetako igande goizak politak izaten dira. Beraz, aurten jada hasi naiz kros hauetara joateko prestatzen, eta espero dut gazteagotan bezala belarrietaraino lokatzez beteta bukatzeaz disfrutatzea.