Denboraldi bukaera

Erabiltzailearen aurpegia June Arbeo Sarriugarte 2022ko uzt. 22a, 09:40

Beste denboraldi bat bukatu da, eta, gainera, aurten absolutu mailarako saltoa eman behar izan dut. Neguan, hainbat osasun arazo eta lesio eduki eta gero, pista estalian nire marka hobetzea lortu nuen. Udako denboraldian, oztopoen proban 18 segundoan hobetu dut nire marka pertsonala, Euskadiko errekor berria ezarriz, eta Espainiako seigarrena izan naiz absolutu mailan. Beraz, progresio egoki bat eduki dut beste urte batez.

Duela egun batzuk korrika egitera irten nintzela, ordu betez, amaitu berri den denboraldiaz pentsatzen egon nintzen. Aurten lortutakoak motibazio handia ematen dit datozen urteetarako. Nahiz eta egin dudana oraindik ez den nahikoa etorkizun batean bete nahi ditudan helburuak lortzeko, pentsatu nuen: "Aurreko urtean esan balidate aurten lortu ditudan emaitzak lortuko nituela, oso pozik egongo nintzen". Baina, gero, egin dudanean, gehiago nahi nuen sentsazioarekin geratu naiz. Denbora apur bat pasatu behar izan da egin dudana baloratu eta benetan daukan balioa emateko. Askotan zorrotzegiak gara gure buruarekin eta ez dugu egiten dugun esfortzua benetan baloratzen, eta pentsatzen jarrita ez da justua. Konturatu naiz momentu askotan egiten nenbilenaz disfrutatu beharrean, "izan zitekeena baina izan ez dena" bezalako gauzetan egon naizela burua jaten.

Nire entrenatzaileak esan ohi dit, lasterketa edo denboraldi bat bukatzean zerbait ikasi badut, irabazi dudala. Beraz, aurten irabazi dut: lezio bat ikasi dut. Hemendik aurrera lortzen dudana lortzen dudala, bideaz disfrutatuko dudala zin egin diot neure buruari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!