Askotan galdetu didate ea atletismotik bizitzea posible den. Beti erantzuten dut, emaitzak lortzen dituzun bitartean, diru laguntzekin eta irabazten den diruarekin posible dela momentuan bizitzea. Baina, nola? Izan ere, irabazten dugun diru apur hori entrenatu eta konpetitu ahal izateko inbertitzen dugu, eta, batez ere, kontuan izan behar da maila hori galtzen dugunean diru laguntza guztiak galtzen ditugula. Hau da, gure errendimenduaren menpe dagoela dena, lesioak edo osasun arazoak kontuan izan gabe.
Esaterako, zapatilak, arropa, suplementazioa askotan gure poltsikotik ordaindu behar izaten ditugu. Adibidez, azkenaldian, marka onak egin ahal izateko lasterketetara nire kabuz egin behar izan ditut bidaiak, eta benetan atleta “profesionala” izateak zer suposatzen duen konturatu naiz.
Maila altu batera iristen ez bazara, ez daukazu atletismora dedikatzeko errekurtsorik, eta aldiz, lanean hasi eta bizitzeko dirua lortzen hasten bazara, ez daukazu atletismoan maila hobetu ahal izateko denborarik.
Beraz, zer da atleta profesional bat izatea? Nik, Espainian mailarik gorenean dagoen klub batekoa izanik, eta estatuko atleta onenen artean egonda, ez nuke jakingo esaten kirolari profesional bat bezala bizitzeko adina baliabide dudan.