Aurten, osasun arazo batzuk direla-eta Euskadiko selekzioarekin parte hartzeari uko egin behar izan nion, baina ez dut txapelketa galdu nahi izan, eta igande goizean telebistan ikusten aritu nintzen. Hausnarketa bat etorri zitzaidan burura: harritu egin nau Euskadiko hainbat atletek, neska zein mutil, parte hartzeari uko egin izanak. Maila orokorrean ere, nesketan, baja asko egon diren lasterketa bat izan da.
Zein izan daiteke beherakada horren arrazoia? Txapelketari begira egondako baja batzuk lesioen ondorio izango ziren seguruenik. Baina beste asko krosa prestatu nahi ez dutelako. Eta, zergatik? Izan daiteke luzeegia egin daitekeelako 10 kilometroko lasterketa bat, kontuan izanda gero pistan askoz distantzia laburragoa egiten dela. Kroserako prestakuntza gogorregia izan daiteke, kilometro asko egitea eskatzen duelako. Pentsatu dut balitekeela pandemiaren ondorioz denboraldi batez krosik egon ez izanak eragina izan duela, eta jendeak alde batera utzi duela modalitate hau. Arrazoia dena delakoa izanda ere, pena bat dela uste dut Espainia mailan atletismoak gero eta maila hobea duen sasoi honetan, Euskadin krosean beherakada hau ikustea; nire ustez, atletismoan ikusgarrienetarikoa den modalitate batean, gainera. Ez dakit zein izan litekeen honen konponbidea, baina krosa indartzea beharrezko ikusten dut, batez ere datozen belaunaldi berrietan.