Emakumeen kontrako indarkeriari ez

Erabiltzailearen aurpegia June Arbeo Sarriugarte 2021ko aza. 16a, 08:30

Gustatuko litzaidake azaroaren 25aren harira emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako lasterketarik egin behar ez izatea, baina badakit asko falta dela horretarako. Penagarria iruditzen zait gaur egungo gizartean oraindik telebista piztu eta entzuten diren berriak entzutea. Edo kirolariok hainbat momentutan neska izateagatik gutxiago garela sentitu behar izatea. Horregatik, nik argi daukat: emakumeen lasterketak beharrezkoak dira. Entzun gaitzaten, emakumeok batu gaitezen.

Baina garrantzitsua da, baita ere, egunero, neska zein mutil izan, gure inguruan emakumeen aurkako indarkeriarik eman ez dadin gure esku dagoen guztia egitea. Kontziente izatea. Imajinatu dezagun momentu batez, lasterketa hauek erreibindikazio bat izan ordez, ospakizun bat izatera iritsiko balira. Eta gure ondorengoak azaroaren 25ero, pozik, korrika egitera aterako balira. Badakit zaila egiten dela horrela pentsatzea eta egoera horretan jartzea, baina gogoratu nahi nuke guztion hondar aleei esker osatu dezakegula planeta justuago bat. Horregatik, hurrengo astean hainbat herritan izango diren emakumeen lasterketetan parte hartzera animatu nahi zaituztet, adibidez azaroaren 27an Durangoko emakumeen lasterketan.

Iaz 300 emakume baino gehiago izan ziren Durangoko emakumeen lasterketan partu hartu zutenak. Saia gaitezen aurten zifra hori baino gehiago izan daitezen. Gainera, Durangon, erreibindikaziora batu nahi duten guztiek (gizonezkoek barne), baina korrika egin nahi ez dutenek, badute beraien aukera ere, aurretik izango den ibilbide ez lehiakorrean parte hartuz. Ibilbide horiek aproposak dira denentzat.

Azaroaren 25ean, eta beti: emakumeen aurkako indarkeriari ez!

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!