Ikusten ez diren lesioak

Erabiltzailearen aurpegia June Arbeo Sarriugarte 2021ko ira. 17a, 08:30

Uda hau berezia izan da. Besteak beste, Tokioko Olinpiar Jokoak ikusteko aukera izan dugulako, urtebete geroago izan bada ere. Eta, egia esan, aurten bereziak egin zaizkit, momentu askotan jende ezaguna telebistan ikusteak bertan egoteko ametsa areagotu didalako. Atentzioa eman didate Jokoei buruz entzundako edo irakurritako komentario batzuk.

Orokorrean, epaiketa zorrotzak egiten dira kirolarien emanaldiei buruz (kirol jakin batzuetan eta batez ere emakumeetan hauek areagotu egiten dira). Honen harira, oihartzun handia izan zuen Simone Biles gimnastaren inguruan gertatutakoak. Inork ez du dudan jartzen kirolari batek hanka apurtzen badu konpetizioari uko egin beharko diola. Baina arazo psikologiko bat duelako parte hartuko ez duela esaten duen emakume bat “ahultzat" katalogatzen dute askok. Hau guztia, noski, euren etxeko besaulkitik, lasai gosaltzen duten bitartean. Minutu gutxi batzuetan, urte luzez egunero entrenatutakoa demostratu behar da, milioika ikusleren aurrean, eta, gainera, perfekzioa exijitzen da. Egun horretako momentu horretan dena bere lekuan egon behar da, dena perfektu ateratzeko. Eta, hala ere, inork ez du ziurtatzen kritikarik jasoko ez duzunik. Noski, inork ez daki, konpetizio horren aurretik zure bizitza osoan zehar zein egoera, arazo, baldintza izan dituzun, eta zeri egin behar izan diozun aurre. Horrek estresa sortzen du, dudak sortzen ditu, eta minutu horietan, begi horiek guztiak zure gainean dituzula, gerta liteke dena perfektua ez izatea.

Estresa eta antsietatea, zuntz haustura bat bezala, lesioak dira, errekuperazioa eta zainketa eskatzen dute. Eta, zoritxarrez, gehienetan, lesio fisikoak errekuperatzea baino gehiago kostatzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!