“Kirol hau oso zaila da. Oso gogorra da. Eta zu heldu zaren lekura iristea oso zaila da. Inongo lesiorik gabe maila fisiko oso on batera. Aprobetxatu”. Duela gutxi hori esan zidaten, oso urduri nengoen egun batean. Eta egia esan, esaldi horrek asko transmititu zidan. Domekan, lasterketa aurretik, hori baino ez nuen izan buruan. Entrenamenduetan egindako lan eta esfortzu guztiagatik egin nahi nuen korrika. Eta horrela atera nintzen proban parte hartzera, beldur barik, eta disfrutatuz.
Azkenaldian bazirudien gauzak ez zirela nik nahi bezala ateratzen ari eta Leonera entrenatzen etortzeak ez zidala bere fruituak oso osoan ematen. Baina pazientzia izatea ezinbestekoa da kirol honetan.
Gehiago luzatu barik eta agurtu aurretik, eskerrak emateko hitz batzuk idatzi nahi nituzke: asteburuan zorion mezu bat idazteko edo dei bat egiteko denbora hartu zuten guztiei. Egunero nire alboan dagoen jende guztiari, urrutitik nire pausoak jarraitzen dituzten guztiei, eta modu batera edo bestera animatzen eta eusten nauten guztiei. Nola ez, beraien denbora oparitu didaten guztiei. Eta etxea non dudan egunero gogorarazten didatenei.
Nire sare sozialetan esan nuen bezala: modu batera edo bestera, momenturen batean bide honen parte sentitu diren eta sentitzen diren guztiei. Zuengatik!