Hasiera

Erabiltzailearen aurpegia June Arbeo Sarriugarte 2021ko api. 23a, 08:45

Ilusioz beterik hasi dut denboraldia,zazpi hilabeteren ondoren. Izan ere, joan den asteburuan nire marka hiru segundoz hobetu nuen, eta Europako txapelketara joateko gutxieneko markatik hurbil gelditu nintzen.

Orain datozen lasterketetarako konfiantza handia ematen dit horrek, eta gainera, esan beharra dut, momentu honetan, lortutakoak inoiz baino garrantzi handiagoa duela niretzat. Beti esan ohi didate marka hobetzea asko pozteko arrazoi bat dela, garrantzitsuena urtero progresio bat izatea delako. Baina, uste dut orain hasi naizela benetan honen garrantziaz jabetzen. Ezer ez izatetik, zerbait izatera pasatzea bezala izan baita. Azken urtean ez dut aukera askorik izan irteera lerroan jartzeko, eta horrek lasterketa bakoitza azkena izango balitz bezala gozatzera eraman nau. Lehenengo, pandemia dela-eta lehiatu gabe egon ginen denbora askoan, eta horren ostean lesioen eta hainbat zailtasunen erruz azken hileak ez dira errazak izan. Denbora luzez konpetitu ezinik egoteak eta emaitzak lortzen ez direla ikusteak dudak sortzen ditu, eta egunero entrenatzeko ilusioa mantentzea batzuetan zaila izaten da.

Izan ere, esaten den moduan, “ez dakizu zer daukazun, galtzen duzun arte”. Baina, horrelako egoeretatik ere badago zer ikasi. Nik hemendik aurrera emandako pauso bakoitza, txikiena izanda ere, baloratzen hasi nahi dut. Inoiz ez baitakizu noiz izango den emango duzun hurrengo pausoa. Ez da ahaztu behar horrelako poztasun txikietatik lortzen dugula egunerokotasunari aurre egiteko energia dosia. Eta topiko bat dirudien arren, “inoiz ere ez da ahaztu behar nondik gatozen eta nora heldu garen”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!