Lehenengoari dagokionez, esan behar da ez dela harritzekoa lesioak agertu izana. Kontuan hartu behar da bi hilabetez entrenatu gabe egotean ez dela soilik forma fisikoa galtzen, baizik eta muskulu, zain eta giltzadurak ia inolako mugimendurik gabe izan ondoren, ahulduta gelditzen direla. Horregatik, itzulerako entrenamenduak oso lasaiak eta progresiboak izan beharko liratekeela deritzot. Baliteke, hainbat eta hainbat, korrika egiteko gogoak itsututa, erritmo azkarregi batean itzuli izana entrenamenduetara eta lanera; edo besterik gabe, gorputza ezohiko egoera batean izanik lesionatu izana.
Txanponaren beste aldean izan direnei dagokienez, hau da, oso emaitza onak lortzen ari direnei dagokienez, baliteke entrenamenduetako erritmoa jaisteak lagundu izana. Izan ere, askotan uste dugu gehiago entrenatzeagatik gehiago hobetuko dugula, baina oso garrantzitsua da errekuperazio egunak ematea gorputzari, entrenamenduak asimilatu eta errendimendua igo ahal izateko.
Beraz, ondorioztatu dezakegu, batetik, ezohiko egoera batean normaltasunera itzulera lasai egin behar dela, eta, bestetik, atsedena ezinbestekoa dela errendimendu on bat lortzeko.