Ariketa fisikoa egitean ere, prebentzioaz jokatu

Azkenaldian, batez ere pandemia garaian, atentzioa eman dit gizartean jarduera fisikoa egiteko sortu den gogo eta beharrak. Ulertzekoa da hainbeste denbora etxean sartuta egon eta gero denok izan dugula mugitzeko eta ariketa egiteko beharrizana. Argi dago kirola egitea osasuntsua dela, eta uste dut denok praktikatu beharko genukeela egunerokotasunean. Baina beharrezkoa da modu egoki eta seguruan egitea.

Gero eta gehiago ikusten da Youtuben, Instagramen eta antzeko sare sozialetan jendeak igotzen dituen spinning, gimnasio eta yoga saioak, eta gero eta ikusle gehiago dituzte. Egia da oso komodoa dela modu horretan ariketa fisikoa egitea. Etxetik mugitu gabe eta nahi duzun orduan. Baina kirolaria eta jarduera fisiko eta kirol zientzietako graduko ikaslea izanik, uste dut kontuz ibili behar dela honekin.

Batetik, saioa ematen duen pertsona askotan ez delako arlo horretan aditua. Eramango zenukete autoa mekanikaria ez den norbaitengana konpon dezan? Bada, arlo honetan ere badaude adituak. Bestetik, pertsona guztiak ez gara berdinak, ez dugu berdin funtzionatzen eta ezin dugu ariketa intentsitate edo modu berean egin; egokia eta komenigarria litzateke ariketa gure beharrizanetara egokitzea. Azkenik, bideo askotan ikusten diren mezuak ez dira egokienak, fisikoan eta pisua galtzean baino ez direlako zentratzen. Kirola egitea osasuntsua da, baina ez zait egokia iruditzen kiloak galtzeko mezu orokorrak ematea. Gogoan izan behar dugu bideoa grabatzen ari denak ez dakiela ikuslea nor den, zer behar duen.

Honekin ez diot ezin dela modu honetan ariketa fisikoa egin, baina kontuz eta kontuan izanik norberak zehaztu behar duela beti bere beharrizanak, mugak eta helburuak zeintzuk diren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!