Egia esateko, aitortu behar dut alarma egoera eta itxialdia deklaratu zuten egunean, nire entrenamenduez arduratu nintzela, eta amorratu egin nintzen korrika egitera atera ezin izanaz. Ondoren, lasterketa guztiak atzeratu edota suspenditu egingo zirela esan zutenean amorrua eman zidan. Baina denbora baten ostean, benetako egoeraz jabetuta, hori guztia bigarren maila batean gelditzen da. Eta konturatzen zara ingurukoen osasuna dela gehien larritzen zaituena, familia eta lagunak ez ikustea dela gehien kezkatzen zaituena. Horregatik gaur ez daukat kirolaz idazteko ezer honekin loturik ez dagoenik. Hala ere, gogoz itxaroten egon garen garaia iritsi da, txapelketak hasi dira. Jada bi lasterketa egin ditut. Estadioan, gradak hutsik, denok maskarilla jantzita, lasterketa bukatzean ezin da aurkaria eta aldi berean laguna dena zoriondu, besarkatu, hari eskua eman... nahiko egoera arraroa izan zen.
Hori guztiori hala izanda ere, momentu honetan dortsal bat jartzeaz eta egunero kalean entrenatu ahal izateaz zorteko naizela sentitzen dut. Eta pozik eta eskertuta nago horregatik. Itzuliko dira emaitzez hitz egingo ditudan garaiak, orain irteera lerroan jartzea soilik egon daitekeen emaitzarik onena da.