Askotan, emaitzekin itsuturik, ez gara benetan garrantzitsuagoak diren gauzez jabetzen. Beste urte batez, Euskadiko selekzioko kamiseta jantzita korrika egiteko aukera izatea ez da denon eskuetan dagoen zerbait; horregatik, lehenengo aldian bezain berezia izaten jarraitzen du. Aspaldiko jendearekin elkartu, txikitatik lasterketetan animatu zaituen jendea ikusi, aurpegi berriak ezagutu... Eta azken finean, Euskal Selekzioa ahalik eta posturik hoberenean uzteko gogoak batzen gaitu asteburu oso batez. Nahiz eta 23 urtez azpiko mailan selekzioak lortutako 8. postuak azken urteetako emaitzetatik urrun uzten gaituen, taldekide guztien lana eta esfortzua goraipatzea nahiko nuke; kontuan hartuz askorentzat selekzioa ordezkatu duten lehen aldia izan dela.
Lasterketa ez da izan egin dudan onenetarikoa, baina Euskadiko lehenengo bi postuak Araitz Villak (20. postua) eta nik (18. postua) lortu genituen, lasterketa guztian zehar elkarri lagunduz, eta, beste behin ere, kirol indibiduala den hau taldeko kirol bilakatuz. Askotan, egindako lan onaren emaitzek denbora behar izaten dute iristeko, eta beraz, asteburu honetatik, hemen idatzitako momentu eta jendearekin gelditzen naiz, emaitzak urteekin ahaztu egiten baitira.