Baina kirol hain indibidual honetan izugarrizko garrantzia dauka ingurukoen laguntzak, entrenamendu taldeko kohesioak eta, lasterketetan argitara ateratzen ez den arren, honen guztiaren atzean dagoen talde lanak. Honi gizarteko jokatzeko eta lan egiteko moduarekin antzekotasun handia ikusten diot. Talde lana ezinbestekoa da, edozein arlotan, helburuak eta emaitzak lortzeko. Gizartea, izenak berak eta hiztegiko esanahiak dioen bezala, gizakien arteko komunikazioan eta lankidetzan oinarritzen da; pertsona betidanik bizi izan da multzoan, bakarrik bizirik irautea ezinezkoa baita. Gaur egun indibidualismorako tendentzia hartzen hasi da gizartea, eta zentzugabeko norgehiagoka batean murgildu gara: “Zeinek gehiago izan eta zein hobeto bizi”. Ingurukoei irabazteko zapaldu egin behar baditugu ere, geu onenak izatea baino ez zaigu axola.
Honela ikus dezakegu atletismoa ere, baina ikasi dut ingurukoekin lan egiteak zer nolako garrantzia daukan, hauek beti laguntza lez hartuz, eta ez arerio lez; askoz gehiago irabazi daitekeelako taldean lan eginez, eta ez bakarrik eta ondokoa baino hobea zarela pentsatuz. Bi buruk batek baino gehiago pentsatzen dutelako, eta lau hankek bik baino azkarrago arineketan egiten dutelako.