Txikitatik praktikatzen dut atletismoa, baina, azken urteotan, beste seriotasun batekin hartu dut, eta, ahal dudan heinean, entrenamenduei eta txapelketei ahalik eta dedikaziorik handiena eskaini nahi diet. Hori dela eta, aukera ona iruditu zitzaidan hemen bizi eta entrenatu ahal izatea; eta, egia esan, pertsona pribilegiatua sentitzen naiz, hainbeste gustatzen zaidan kirol hau baldintzarik onenetan egiteko aukera eman didatelako.
Izan ere, errendimendu hobea lortzen laguntzen didaten instalazioak eta zenbait osasun zerbitzu ditut, eta nire entrenamenduen eta osasunaren kontrol zehatzago bat egiten didate. Arlo horretan, alde handia nabaritu dut, eta hobekuntza ekarriko didala uste dut.
Baina, batez ere, bertako jendearen laguntza azpimarratu nahiko nuke. Lehenengo egunetik bertako entrenamendu taldeak eskuzabal hartu ninduen, eta hasieratik laguntzeko prest agertu ziren. Egunero taldean entrenatzeak asko laguntzen du psikologikoki; taldekideak geure artean laguntzen eta motibatzen gara. Gainera, gaur egun Espainian eta nazioartean elitean dabilen jendearekin entrenatzeko aukera dudanez, beraiek erreferentziatzat hartuta asko ikasi eta hobetu dezaket.
Nahiz eta etxea uzteak pena ematen duen, hobekuntza bat izateko beharrezkoa den aldaketa da. Gogor lan egingo dugu emaitza oparoak iritsi daitezen.