Ezina ekinez egina

Erabiltzailearen aurpegia June Arbeo Sarriugarte 2019ko mai. 31a, 08:30

Maiatzarekin batera, unibertsitatean gaudenoi azterketa garaia iritsi zaigu, eta, aldi berean, niri pistako denboraldiko lasterketen garaia iritsi zait. Kirol munduan ari garenok badakigu bi gauza hauek ez direla aldi berean aurrera eramateko errazak. Baina, beste aukerarik ez, eta buru-belarri ekiten diogu egunero ikasteari eta entrenatzeari. Egun askotan, astirik ez eta ordu erdiko korrikalditxoa eginda dutxa azkar bat hartu eta ikasmahaira itzuli behar izaten dugu. Askotan, lo falta izaten dugu, eta entrenamendu gogor baten ostean azkar afaldu eta berriz ere ikastera itzuli behar izaten dugu. Askok eta askok pentsatuko dute, esfortzu hori guztia, zertarako?

Baina maite dugu egiten duguna, eta ez zaigu axola nekatzea, esfortzu handiagoa egitea, edo indar guztia horretan uztea. Izan ere, “ezina ekinez egina”, edo txikitatik entzuten ditugun antzeko esaldiek badute egiatik asko. Duela hiru aste, Donostian izan nuen lehenengo lasterketa, Espainiako ohorezko mailako kluben arteko txapelketan. 3.000 metroko oztopodun proban nire denbora hobetzea lortu nuen (10’25”40). Horrekin batera, duela 10 urtetik zegoen 23 urtez azpiko Euskadiko errekorra 10 segundoan jaitsi nuen. Ondoren, joan den asteburuan, Gijonen, beste lau segundoan hobetu nuen marka. Hasiera ezin hobea izan da, baina argi dago egindako lanaren uzta dela. Bi lasterketetan hunkituta iritsi nintzen helmugara. Horrelako momentuak dira eguneroko lanak eta nekeak benetan merezi dutela gogorarazten dizutenak. Denbora edo marka bat bakarrik ez, poztasun bat eta hobetzeko eta jarraitzeko nahi bat ere lortzen da horrelako emaitza bakoitzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!