Euskal selekzioa

Erabiltzailearen aurpegia June Arbeo Sarriugarte 2019ko mar. 22a, 08:30

Aurten, beste urte batez, Euskadiko selekzioko kamiseta jantzita egin dugu korrika estatuko kros txapelketan. Polita izaten da noizean behin kamiseta aldatu eta gure herrialdea ordezkatzea. Denok saiatzen gara gure selekzioa ahalik eta postu hoberenean uzten, eta ahalik eta ondoen egiten. Baina, zoritxarrez, beti ez daukagu aukera hau, eta, beste kirol batzuetan ez bezala, horrenbeste gustatzen ez zaigun selekzioko kamisetarekin parte hartu behar izaten dugu hainbat txapelketatan (nazioartekoak direnetan) .

Nazioarteko txapelketa batean parte hartzea, Europako eta munduko atleta hoberenen artean egotea eta beraien aurka lehiatzea atleta guztiok daukagun ametsetako bat izaten da. Nahiz eta horretarako, Espainiako selekzioarekin parte hartu behar izaten dugun. Amets hau lortzea ez da batere erraza izaten, eta egunero gogor entrenatzen gara horrelako esperientzia bat bizi ahal izateko. Esfortzuaren ondoren, eta lortutako helburuaren ondoren, ez da erraza honi uko egitea.

Argi dago bakoitzaren erabakia dela guretzako arrotza den selekzio bat ordezkatzea, edo horri uko egitea, gure pentsaera eta sentimenduak ez apurtzeko. Baina, denok dauzkagu kontraesanak, eta batzuetan gure printzipioak apurtu behar izaten dira, egoerak horrela behartzen gaituenean, beti ere kontziente izanik egiten dugunaz. Hau epaitu aurretik, kontuan hartu behar da beste era batean ezinezkoa dela nazioarteko kirolariekin lehiatzeko aukera izatea, beste kirol batzuetan ez bezala. Argi dago nire benetako ametsa horrelako txapelketa batean nire selekzioa ordezkatuz parte hartzea izango litzatekeela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!