Aurten, aldaketa handi batekin hasi da denboraldia, izan ere, kategoriaz igo eta nagusiekin batera lehiatuko ditut krosak, hainbat kilometro gehiagokoak izango direnak. Zornotzako krosean asko sufritutako bederatzi kilometro egin ondoren, lehenengo kontaktua eginda, hurrengo krosetan gero eta hobeto joatea izango dut aurten helburu. Izan ere, askotan, helburuez pentsatzen hastean, burua galtzen dugu. Emaitza onak lortzeko entrenatzen gara, baina, emaitza espezifikoak bilatzen hasten garenean eta lortzen ez ditugunean, zaila izaten da hori barneratzea. Ze garrantzia dauka garaipen bat ez lortzeak, aurretik hilabetez, egunero, sakrifikatu eta eman dugun guztiaren ostean? Ez da emaitza, postu, marka jakin batean kateatuta gelditu behar, zurrunbilo bihurtu arte.
Helburuak eta emaitzak lortu eta denbora bat pasatu arte ez gara konturatzen lortu dugunaz. Pertsonak aseezinak gara eta zerbait lortzen dugun heinean, beti gehiago nahi izaten dugu. Garrantzitsuena egunero egiten duguna, sakrifikatzen duguna baloratzea da; emaitzak eta helburuak, lehenago edo geroago, beti helduko dira eta.