Lasterketa herrikoietan ere parte-hartze kopurua izugarri igotzen ari da. Hauetariko asko neskak gara, eta argi dago gustuko dugulako egiten dugula. Niri, korrikalaria eta neska izanik, pozteko arrazoi bat iruditzen zait.
Baina, zoritxarrez, esparru honetan ere ezin lasai egon, ezin libre korrika egitera atera. Hainbatetan joan gara arineketan, eta jasan behar izan ditugu begiradak zein gustu txarreko hainbat “piropo” eta oihu, eta lasterketetan askotan sentitu dugu gutxiago garela. Baina, ez hori bakarrik; azken aldian, behin baino gehiagotan jazo den gertaera bati buruz hitz egin nahi dut: korrika gabiltzala, autoz jarraitu digute gutako askori. Bai inguru hauetan, eta baita beste hainbat lekutan ere.
Eskubidea daukagu nahi dugunean, nahi dugun lekuan eta orduan kirola egiteko, praka motzekin zein luzeekin, bakarrik edo lagunduta. Inolako errespetu falta eta jazarpenik jaso gabe. Ez dugu inorentzako korrika egiten, nahi dugulako egiten dugu korrika. Ez dugu beldurrik pasatu nahi neguan iluntzean joan behar izateagatik kirola egiten, ez dugu laguntza eskatzeko beharrik izan nahi korrika egitera joateko, bakarrik joaten ausartzen ez garelako. Ez diogu korrika egiteari utzi nahi, eta ez dugu hau merezi. Ez dugu utziko kirolak nesketan daukan gorakada hau inork zapuztu dezan. Kirola egiten ere libre izan nahi dugu!