Hula hoop

Erabiltzailearen aurpegia Jasone Agirre Garitaonandia

Gure aittek plastikozko hodiak egiten zituen fabrika batean egin zuen lan urteetan, Matienan. Instalazio elektrikoetan-edo erabiltzeko ziren hodiok. Egia esan, umetan guk interes handirik ez horretan; txokolate fabrika izan balitz, akaso.

Baina 80ko hamarkadan, halako batean, modan ipini ziren Hula Hoop-ak, gerria astintzeko uztai biribilak. Aitten lantegian plastikozko tutuak egiten zituztenez, enkargua jaso zuten, eta metroak eta metroak prestatu zituzten zorioneko uztaiok ekoizteko. Txatal batzuk hartu, eta hiruzpalau egin zizkigun aittek: berdea, gorria, urdina, horia… A zelako poza.

Geure eskilaran ez zituen inork eta guk bat baino gehiago, eta koloreak aukeran. Bizitzan lehen aldiz pribilegioa zer zen sentitu nuen, pobreen modu xumean akaso, baina pribilegioa, harik eta Hula Hoopen moda pasatu arte. Jakina, bizitza.

Egun haietako oroitzapen ederra gorde izan dut beti. Gero, urteetan ez dut apenas Hula Hoopik berriro ikusi, lehengo egunera arte. Telebistako albiste batean izan zen. Ilargi Gorriaren auto batean koloretako uztai biribilak zeramatzaten Gazako umeekin jolasak egiteko, euren mina arindu nahian-edo. Eta berriro, gura barik, pribilegiatu sentitu nintzen; dagoenik eta modu gorrotagarrienean, pribilegiodun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!