Hala ere, orain arte ez dut inongo jakingurarik izan zuhaitz horren jatorriaren inguruan. Lehengoan, baina, platanoz marraztutako halako bide batetik nindoala, ikertzea erabaki nuen. Begira hasi, eta hara zer aurkitu nuen. Hibrido bat da, XVII. mende inguruan sortua antza, baina ez dago argi non, nahiz eta berehala hedatu Europa osoan. Jakina da, berriz, hibridazioa Platanus occidentalis eta Platanus orientalis izeneko zuhaitz biren artekoa dela. Hau da, batak, Mendebaldekoak, Ipar Amerikan, gaur egungo Estatu Batuetan du jatorria, eta besteak, ostera, Ekialdean, Asian, gaur egungo Iranen inguruan. “Asko da ba!”, pentsatu nuen, mundua gaur egun zelan dagoen ikusita; naturak posible izan duena, ezin pertsonak.