Eta beharbada, justu horregatik, momentu zoriontsuak ekartzen dizkidatelako gogora, hainbeste maite ditut izotzok. Zapatu eguerdietan etxean hartutako bermutengatik, Argentinako lagunek ardoari botatzeko duten atrebentziagatik, edota “Blanco Paris” dotorea zer zen erakutsi zidan lagunarengatik maite ditut beharbada.
Delirio burgesekin hasten naizenean, esaterako, inoiz aberatsa banintz eta tamaina egokiko etxea banu, kapritxo modura, izotza egiteko makina erosiko nukeela amestu izan dut. Poztasun zatitxoak botaka, tarteka-tarteka, klonk-klonk doinua… Zoriontasunaren artefaktua.
Baina agian apur bat bizitza bezalakoak direlako maite ditut izotzok. Jostagarriak, pozgarriak direlako hasieran, zoriontasun emaile, baina apurka-apurka, eta isil-isilik, urtzen direlako guztiz desagertu arte…