Hezkuntza Sailak digitalizaziorako esperientzia pilotua jarri du abian ikastetxeetan: Aste Digitala
Aurrez aurrekoa eta online modalitatea bateratuz emango dituzte eskolak esperientzian parte hartuko duten ikastetxeek
DBH-ko 4. mailan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan jarriko da abian, 57 ikastetxe publikotan.
Esperientzia pilotuaren helburuen artean daude: ikastetxeen profil digitala hobetzea eta, egoera iritsiko balitz, ikastetxeak pedagogikoki eta teknikoki prestatzea balizko bigarren agertoki baterako.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak gaur goizean aurkeztu dute prentsaren aurrean Hezkuntza Sailak datorren astetik aurrera, Aste Digitala izenarekin abian jarriko duen esperientzia pilotua, hau da, digitalizazioan eta pedagogian urrats berriak egiten jarraitzeko esperientzia pilotua.
Azaroaren 30ean hasita eta astebetez, esperientzian parte hartuko duten 57 ikastetxe publikoek eskolak aurrez aurre eta online eskainiko dituzte aldi berean, bi modalitateak bateragarri eginez. Bigarren Hezkuntzako Institutuak eta Lanbide Heziketako Ikastetxeak izango dira; orotara 21.000 ikasle inguruk parte hartuko dute eta hezkuntza alorreko 3.000 profesionaletik gora (irakasle eta aholkulari) inplikatuko ditu esperientziak.
Aste Digitalaren helburuen artean daude, ikastetxeen profil digitala hobetzea, praktika tekno-pedagogo egokiak lantzea eta elkarrekin partekatzea, baina baita –egoera iritsiko balitz- ikastetxeak pedagogikoki eta teknikoki prestatzea ere, aurrez harturiko esperientziaz baliatuta, balizko bigarren agertoki baterako. Bigarren agertokia, aurrez aurreko eskolak eta online modalitatea bateratzen dituen agertokia da.
Esperientzia honetarako Lanbide Heziketako ikastetxeak eta DBH-ko 4. maila eta Batxilergoa hobetsi dira, ikasleen autonomia eta heldutasuna aintzat hartuta.
Aste Digitala, esperientzia pilotua:
Noiz?
- Azaroaren 30ean hasita. Lanbide Heziketan abenduaren 4an bukatuko da
- Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetan (DBH eta Batxilergoa) abenduaren 18ra arte luzatuko da: ikastetxe bakoitzak bere beharretara egokituko ditu bai hasiera eta bai bukaera datak, eta baita iraupena ere (aste bat, bi edo hiru).