[IRITZIA] "Beste kultura batez mozorrotzea zaila da ulertzen"

Erabiltzailearen aurpegia ItziarLarrinaga 2025ko ots. 25a, 10:49

Itziar Larrinaga abadiñarrak bere iritzia eman du inauterietarako aukeratzen ditugun mozorroen inguruan. 

Mozorroen gaiak iritzi asko sorrarazten ditu. Zaila egiten zaigu ulertzea zer ote duen beste kultura batez mozorrotzeak, errespetuz eginez gero!
 
Ba, beste kultura batez mozorrotzearen arazoa ez da soilik ‘jantzi bat erabiltzea’, baizik eta nola eta zein testuingurutan gertatzen den. Norbaitek historikoki zapaldutako kultura baten elementuak hartzen dituenean, haien esanahia ulertu gabe, estereotipo edo karikatura bihurtuz (hori baita egiten duguna), zertan ari gara? Mozorro batek identitate bat jolas edo irri bihurtzen badu, estereotipoak iraunarazten ari da, kultura horri barre egiten ari da.
 
Dagoeneko esan digute min hartzen dutela, beraz, zer da orain egin behar duguna? Gure "zuritasunetik", guk erabaki behar dugu zerk eman behar dien min eta zerk ez? Ala, ulertu, enpatizatu eta errespetatu? Gipuzkoako eskola batean gertatutako adibide bat da. Urte horretan eskolan, mozorrotzeko aukeratutako gaia 'IJITOAK' izan zen. Ikasle ijitoa etxera heldu zenean eta amari kontatu zionean, amak, berak, esaten zuen: Zer egin behar dugu barre ala negar?
 
Zer esango diogu ama horri? Lasai egoteko, errespetuz egingo dugula?... eta eguna heltzen denean zeintzuk izango dira gure mozorroak? Ijitoen karikatura eta estereotipoez betetako jantziak, eta hizkera? Ez dugu lotsarik sentituko ijito familia horren ondotik pasatzean euren identitateaz euren aurpegien aurrean barre egiten ari garenean?
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!