Paisaia exotikoa, luxuzko jatordua, mendi gailurrean bizkarrez ateratako argazkia, selfie bat, eta ingelesez idatzitako poesia; lagun denen argazkietan ezaugarri komunak, bizitza perfektuaren adierazle.
Sare sozialetan sortu dugun izate (perfektuaren) menpe bizi gara. Egunerokotasun desiragarri bat agertu guran ‘klik!’ egiten diegu tiro bizipen inbidiagarritzat ditugunei, eta filtro pare bat gehituta igotzen ditugu sarera, ingurukoen aprobaziorako edo. Baina nago, amildegi bat ez ote dagoen, izan, garenaren, eta facebooken, twitterren, instagramen, (edo anbotoko zutabe honetan) erakusten dugunaren artean.
Pantailatik atzera bost pauso eman eta ingurura begiratuta, sarean bizitza esnoba duten horiek ikusten baititut; bazkalosteko kafea eskuan duela estropezu egin eta praka jantzi berriak zikindu dituen laguna, amak duela bost urte erositako kulero zuri horituak janzten jarraitzen duen ahizpa, asteleheneko ordu txikitan aste guztiko otorduak prestatuta, bazkaria tuperrean ekartzen duen lankidea, izarak azkenengoz noiz aldatu dituen gogoratzen ez duen ohekidea… Nagi, trauskil, despistatu. Eta eskerrak!