Eredu bizi bat

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Gangoitia 2016ko ira. 16a, 08:30

Luzea izaten da festazalearentzat uda sasoia Euskal Herrian. Udamuga gaueko lehen txinpartekin ematen zaio hasiera jaien egutegiari, baita sarriegi neurrigabeko parranda eta gehiegikeriari ere.

Kontsumo eta ludikotasun hutsera mugatzen den jai eredutik haratago baina, beharrezkoak dira balio askatzaileak dituzten jai herrikoiak. EHZ, Gora Iruñea!, Gasteizko blusak eta neskak, Donostiako Piratak, edo Bilboko konpartsak bezalako herri mugimenduek erakusten digute besteak beste, badela festa egiteko beste modu bat, eredu propio bat, eraldaketa sozialerako tresna izan daitekeena.

Gurean ere, apalak bezain intimoak dira kontuak. Abadiñoko Aitte Kurutzeko Jai Batzordeak urte luzez dihardu eredu/auzo bizi baten alde. Aurten, Donien Atxa altxatuta, eta berakatz zopak utzitako ajearekin, patata-dantzan emango diogu hasiera asteburuari pijama eta kamisoi egunez, ondorenetan ferialekua ipuinetako baso, zirku garaikide intimista eta tablao flamenko bihurtzeko; herrikoi, parte-hartzaile, parekide eta euskaldun.

Auzoetako jaiak eta jai herrikoiak posible egiten dituzuenok asko zarete. Gaurkoz, auzoko komertzio eta tabernei, eskerrik asko, eta ferialekua territorio libre bihurtzeko lanean ari zaretenoi, bejondeizuela!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!