Abadiño, merke eta on?

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Gangoitia 2016ko mai. 27a, 08:30

Sarreran biribilgune bat; saltoki handiak eta merkataritza lurzoru bilakatu nahi dituzten eta eraiki ezin diren lurrak. Horixe da gure herria batzuentzat.

Azken urteetan, Abadiñoko Murueta auzunea eta inguruak multinazionalen kokaleku desiratu bihurtu dira; metro karratuaren konkistan hipermerkatuak, kirol-denda kate handiak, hanburgesa etxe erraldoiak… Autoa aparkatzeko edota jaisteko arazorik gabe, erosle konpultsiboen paradisu. Baina, kontsumo eredu zentralizatu eta makro hau al da nahi duguna?

Berdin dio, ez digute galdetuko! Abadiñoko Udalak uko egin dio hainbat merkatarik eta herritarrek merkataritza-gunearen inguruan eskatutako herri-galdeketa egiteari.

Eta bien bitartean, Durangaldeko herriak batzen dituen bidegurutzetik urrun, kale artean, komertzio txikia kezkatuta bizi da. Arduraz bizi dute Abadiñoko eta Durangaldeko komertzio txikietako jabeek Muruetako merkataritza-gunearen azken urteetako bilakaera; handia handiago, eta txikia akabo. Kontsumo-katearen azken katebegia baitira dendari txikiak, eta herritarron erosketa ohituren gora-beherak gertuen sentitzen dituztenak.

Ez dut ukatuko. Kontraesanak kontraesan, nik ere sarri erosten dut kate eta marka handietan saskia erosoago eta azkarrago betetzearen aitzakian. Baina (ba)nago, kontsumo merkea ez ote dugun garesti ordainduko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!