Bidezidorretatik

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Gangoitia 2016ko mar. 11a, 08:30

Iratzargailuak jo eta XXI. mendeko mendebaldeko Europan esnatu naiz. Osasun ona du  patriarkatuak, eta egunerokotasuneko zirrikiturik txikienean ere sartzen da. Hain dago barneratua, eta hain da sotila, ze ohartzea ere zaila egiten zaigun. Baina, gaur, erantzi ditut beldurrak eta lotsak, jantzi ditut maillota, anoraka eta kasko arrosa, frenorik ez sistema patriarkal eta kapitalista transformatzeko!

Konplexurik barik irten naiz etxetik, baina, bizikleta gainera igo orduko, entzun behar izan dut inguruko gizon berdin zaleren baten marmarra: “zergatik ezin dugu zuekin joan? Ni ere parekidetasunaren aldekoa naiz. Gero, emakumeok herentzian jasotako diskriminazioaz kexatuko zarete…”. Betiko leloaren betiko leloa!

Okurritzen zait berdintasunaren bide horretan badela egiteko beste modurik, badirela hainbat bide, eta egungo maskulinitate eredu hegemonikoa eraldatu, irauli edo baztertzea izan daitekeela bat. Emozioak identifikatu eta adieraztea, zaintza-lanen erantzukizuna hartzea, edota sexualitateak esploratzeko prest egoteaz haratago, genero-sistema desorekatuan gizon izate hutsagatik jendarteak esleituriko rolak aztertu eta zalantzan jartzea; pribilegioak, estatusa, ospea, boterea… identifikatu, onartu, eta horiei uko egitea.

Bizikleta gainera igotzeko konfiantza gureganatzea bezain garrantzitsua delako, txalorik espero gabe, podiumeko lehen postuetatik jaisteko gai izatea. Horrela, agian, egunen batean, tropel berean elkartuko gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!