Bihar gaur izan dadin, DA!

Erabiltzailearen aurpegia Itsaso Gangoitia 2015ko aza. 27a, 08:30

Gogoan dudan lehenengo aldian, aitak eskutik helduta sartu nintzen. Kultura, sorkuntza, hizkuntza eta antzeko berbak aterpetzen zituen karpa zuri hark, eta handiegi geratzen zitzaidan niri, 6 urteko neskato txikiari. Liburu eta diskoz betetako erakusmahaiak ikusteko hanka puntetan jarri behar izaten nuen; hori gutxi ez eta, bultzakada artean, deskubritzeko eta arakatzeko modurik gabe, bat, bakarra, hautatzeko aukera ematen zidan aitak.

Arratsaldea pasata, gaztaina erreak janda itzultzen ginen etxera. Eskuineko eskua aitari helduta eta ezkerrekoan, Durangoko Azokan eskuratutako altxor txikiak; bibotedun idazleen sinadurak, kolore eta tamaina ezberdinetako egutegi eta posterrak, argitaletxeetako aldizkariak eta udazken hartako nire nobedadea.

Euria barra-barra egin du azoka egunetan nik 6 urte nituenetik, eta aurtengoa 50.DA!

Helduen begiradapean txiki sentituta, azokan gure lekua aurkitu ez genuenok, zorionekoak gara! Haurrak eta helduak, txikiak eta handiak elkarrekin eta maila berean parte hartuko dugun gunea irudimenez bustiko da beste urtebetez. Transmisioa helburu duen maitasunezko aterpea, kolorez eta jolasez apaindua, irriz eta mimoz berotua. Helduok konturatu gaitezen kultura, sorkuntza eta hizkuntza ez direla zuri-beltzean idatzitakoa bakarrik, ume txiki eta herri txikiek, idazle ezpain gorriek eta haur eta gazte literaturak ere altxatu dituztela beren koloretako esku libreak. Bihar gaur izan dadin.

Etorkizuna orainaldian eraikitzen delako, Saguganbara DA!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!