Onak eta euskaldunak

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala Gandarias 2022ko eka. 17a, 08:45

Aspaldian, noraezean dabilkigu Espainiako gobernuko agintaritzan dagoen alderdiaren EAEko filiala. Idazkari nagusi berriaren izendapenak, paper baten laguntzarik gabe euskara txukun batean aritzeko gai den lehenarenak, norabide aldaketa bat ekar zezakeela uste nuen, baina oker nenbilen. Ezkerra eta eskubia desberdindu gabe jarraitzen duela agertzeaz gain, Osakidetzaren baitan euskararen erabileraren zein jakintzaren aurka doazen zenbait adierazpen entzun ahal izan ditugu Eneko Anduezaren ahotik.

Astea Osakidetzan lan egiten duten medikuei euskarazko 4. hizkuntza eskakizuna (C2) ezin zaiela eskatu esanez hasi zuen; ausart, baina ezjakin. Zergatik? Bada, zoritxarrez, osasun langileei gehienez 2. hizkuntza eskakizuna (B2) eskatzen zaielako. Are gehiago, hortik gorako gaitasuna dutenek ez dute puntu gehiago jasotzen, alegia, jakintza ez dela saritzen.

Hanka-sartze hori gutxi ez eta herenegun, akatsa zuzendu beharrean, berriz heldu zion hizkuntza eskakizunaren gaiari, kanpotik datozen medikuei ezin diegula hizkuntza eskakizunik eskatu esanez, mediku onenak behar ditugula arretarik onena eskaintzeko. Hizkuntza eskakizunak albo batera uzteaz ari zenean, euskaraz ari zen, noski, espainola nahitaez jakin behar dutelako.

Badakizue, espainolisten betiko galdera tranpatia: zer duzu nahiago, mediku ona ala euskalduna? Bada, zorionez, mediku bikainak eta euskaldunak asko ditugu, eta zuen ardura halako gehiago heztea izan beharko litzateke.

Mediku on eta euskaldunak nahi ditugu, Eneko, eta politikariekin ere gauza bera eskertuko genuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!