Traña, alajaina

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala Gandarias 2022ko mai. 13a, 10:00

Badago apirilaren bukaeran, Donien Atxa jaso ondoren, bere kale, plaza eta bazterrak festa giroz busten dituen auzo bat; Durangoko jaietan hasten den txosnarik gabeko ospakizunen sikate luze bati, San Blasetako oasia tarteko, udaberrian gure eskualdean jarri ohi den lehen txosnagunearekin bukaera ematen diona.

Badago azken hamarkadetan herriguneko institutua euskarara hurbildu duen auzo bat, era horretan, auzoko gazte gehienak euskararen jabe eginez. 80ko hamarkadako belaunaldiek D ereduko 8 ikaslez eta B ereduko 30ez osaturiko ikasturteak ezagutu zituzten ikastetxe berean, gaur egun, D ereduan ikasten dute gazte guztiek.

Badago iraganean ezkerreko boto espainolistaren gotorleku izan zen auzo bat, non azken urteetan izan diren hauteskundeetan boz euskalduna gailendu den, ezker abertzaleak izan duen gorakada nabariari esker.

Eta badago bertsolaritzaren errimategian beti España hitzarekin errimatzen duten auzo bat, nahiz eta beste hainbat hitzekin errimatzeko aukera izan: apaina, tamaina, bikaina, eta abar. Benetan kuriosoa mespretxuzko errimatze hori, bertsolariz mozorrotu eta España hitza hautatu ohi duten ustezko euskaltzale eredugarri horiek herri bereko beste auzo batekoak edo inguruko herrietakoak izan ohi direlako; auzune eta herri horiek beren euskalduntasuna lau haizetara harrotasunez zabaltzeko moduan baleude bezala. Baleude, bai; tamalez, ez daudelako.

Badago jai herrikoiak ospatzen dituen eta egunez egun euskaldunagoa den ezkerreko auzo bat: Traña, alajaina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!