Saltoki-gune handien mesedetan gure herriko kaleak denda txikiz husten ari garen garaiotan, kultur kontsumoarekin ere antzeko fenomenoa gertatzen ari da. Abenduko lehen astea heltzen denean, denok gara kultur kontsumitzaile: Durangoko Azoka jendez betetzen da, Ahotseneako saio guztietan sarrerak amaitzen dira eta sare sozialak liburu eta diskodun argazkiz josita ikus daitezke. Bertso txapelketen garaia heltzen denean ere, gertakari bera: sarrerak agortuta, etxean ETB4 telebistan eta sare sozialak sutan. ETB4!
Horrek guztiak irribarre bat sortzen didala aitortu behar dut, baina, nire ustez, ezin dugu gure kulturaren biziraupena urtean behineko momentuko astinduen menpe utzi. Alegia, bertso finala bai, baina herriko bertso saioa ere bai; Durangoko Azoka bai, baina etxe azpiko liburu-denda ere bai. Badakit argazkiaren edo postalaren garaian bizi garela, baina, kulturari dagokionez, ez gaitezen joko horretan eror, mesedez. Saioa Alkaiza Guallarrek bazterrera hurbilduz mundua ederragoa dela esan zuen, eta hala darrai aurrera euskal kulturak ere, bazterreko edo periferiako bizitza eder horretan. Baina zer iruditzen zentrora badakargu?